Katalana Katalunian

Katalana 68.730 km2-ko lurraldean hitz egiten da eta hori Europako lau estatutan (Espainia, Frantzia, Andorra eta Italia) banatzen da. Lurralde horretan 13,5 milioi pertsonatik gora bizi da. Saihestezina da honako hau galdetzea: pertsona horietako zenbatek ulertzen dute katalana? Edo, are zehazkiago, pertsona horietako zenbatek hitz egiten dute?

Non hitz egiten den

Katalanaren egoera ez da homogeneoa hizkuntza-eremu osoan. Batetik, Katalunia, Andorra eta Ponent-eko zerrenda (Kataluniarekiko mugakide den lurralde aragoarra) daude; bestetik, Alguer hiria (Sardinian) eta Ipar Katalunia deritzona (Ekialdeko Pirineoen frantziar departamenduan) daude. Katalunian eta Ponent-eko zerrendan ia mundu guztiak ulertzen du katalana, eta % 75etik gorak hitz egiten du. Alguer-en eta Ipar Katalunian, berriz, biztanleen erdiak bakarrik ulertzen du katalana, eta erdiak baino gutxiagok hitz egiten du. Tarteko posizioan katalana hitz egiten den beste bi lurraldeak daude: Balear Uharteak eta Valentziako Autonomia Erkidegoa. Hartara, katalanaren hizkuntza-eremuan bizi diren 13,5 milioi pertsonatik, baiezta daiteke 9 milioi pertsonatik gorak hitz egin egiten dutela eta 11 milioi pertsonak ulertu egiten dutela.

Nork hitz egiten duen

Oso garrantzitsua da informazio hori guztia pertsonen adinarekin erlazionatzea. Katalunian, Balear Uharteetan eta Valentziako Autonomia Erkidegoan pertsona gazteenak dira katalana hobekien ulertzen dutenak eta hitz egiteko gaitasun handiena dutenak. Adibidez, Katalunian, katalana hitz egiten dutenen ehunekoa guztizko biztanleriaren % 75 da, baina 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 90ek hitz egiten du. Gaur egun, oso zaila da Katalunian katalanez ez dakiten pertsona gazteak aurkitzea.

Katalana irakaskuntzan

Zenbaki horiek guztiek adierazten dute katalana ez dela gutxienen hizkuntza ezkutu bat, zaharrek bakarrik hitz egiten dutena eta desagertzear dagoena, gurasoek ez dietelako seme-alabei irakasten. Ponent-eko zerrendan, Ipar Katalunian eta Alguer-en salbu, katalana hizkuntza ofizial bat da hizkuntza-eremu osoan, eta gizartearen esparru guztietan dago, hein batean edo bestean. Adibidez, katalana eskola guztietan irakasten da eta, haur askok, batez ere Katalunian, ia irakaskuntza osoa hizkuntza horretan jasotzen dute. Katalana unibertsitateetan ere aurki daiteke. Katalunian, ikasleen % 70etik gorak unibertsitateko sarbide-azterketa katalanez egiten du, eta Kataluniako unibertsitateetan katalana % 60 eta % 100 bitartean erabiltzen da irakaskuntzako hizkuntza gisa. Hori dela eta, Katalunia kanpotik etortzen diren ikasle ugarik ikasgairen bat katalanez egiteko aukera izaten dute; lan hori ez da erronka gaindiezina izaten aurretik gaztelania badakite, bi hizkuntzak oso antzekoak baitira. Esperientziak adierazi digun moduan, gaztelania dakien pertsona batek hamabost egun baino gutxiago behar izaten ditu katalanez hitz egiten ari den norbaiti ulertzeko moduan egoteko. Eta, ahalegin txikia eginik ere, oso aste gutxitan hitz egiteko gai izaten da eta, ia nahi gabe, bere kapital kulturala handitzen du.

Kultura-hizkuntza

Katalanaren bizitasuna estatistika kulturaletan ere atzeman daiteke. Urtero, Espainian 6.000 liburu inguru argitaratzen dira katalanez, eta hori Espainiako ekoizpen editorial osoaren % 12 da. Katalunian, saltzen diren egunkarien % 30a katalanez dago, eta ikus-entzule gehien duen telebista-katea TV3 da, programazio osoa katalanez ematen duena. Irratiaren munduan, ikus-entzule gehien dituen Catalunya Ràdio irratia ere katalanez igortzen da osorik. Bartzelona hirian, antzerkiaren egiazko potentzia denean, lan gehienak katalanez antzezten dira. Esparru horretan, katalanaren ahulgunea zinema da, oraindik ez baita aurkitzen gainerako adierazpen kulturaletan hainbeste erabiltzen den hizkuntza batean espero diren ehunekoetan.

Merkataritzako hizkuntza

Dena den, katalana ez da soilik irakaskuntza- eta kultura-arloko hizkuntza, merkataritzarako eta negozioetarako hizkuntza ere baita. Adibidez, Katalunian, oso zaila da banku edo denda batera joan eta arreta katalanez ez jasotzea; bestalde, denda ugari behartuta daude bezeroei eskaintzen dieten dokumentazio guztia katalanez jartzera. Hartara, bankuek katalanez eskaini behar dituzte taloitegiak; bidaia-agentziek, kontratuak; hotelek, fakturak; eta abar. Hain zuzen, biztanle guztiak katalanarekin kontaktuan daude eguneroko bizitzan. Katalunian, aldian behin etxe gehienetara iristen diren lau dokumentu katalanez egoten dira: argindarraren faktura, telefonoaren faktura, uraren faktura eta gasaren faktura. Kasu askotan, soldata-orria ere bai, sarritan fakturek baino poz gehiago ekartzen digunak. Egia da katalanaren hedapenak oraindik oztopoak aurkitzen dituela hainbat esparrutan (hala nola epaitegietan edo polizian), baina, gutxika, erresistentziak garaitzen ari da. Ez da asko falta katalana demografiaren aldetik konparagarriak diren beste hizkuntza europarrak, hala nola daniera, finlandiera, greziera edo suediera, bezain "normala" izan arte.